Gaxoik dazen presuk etxeratzeko eskatuko dou maxatzan 31n ONDARRUn

preso gaxun aldeko manifi 2014-05-31

12:30etan urtengo dau manifestaziñoik, Alamedatik, ‘Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Gaixo dauden presoa etxera’ lelopin.

“Larri dauden presoen egoeraz kezkatuta elkartu gara gaur hemen”. Hainbat sektoretako norbanakoek egin dute manifestaziorako deialdia, eta horien izenean hitz egin du Iera Arantzamendi Ondarruko Iparra Galdu Barik plataformako kideak. Azaldu duenez, 11 dira gaixo dauden euskal presoak. Horien osasun txostenen “atzean” giza eskubideen urraketa dagoela azpimarratu du Arantzamendik. Iosu Uribetxebarria, Ventura Tome eta Ibon Iparragirre presoen adibideak jarri ditu: “Ibonen egoera dohako sufrimendua bilatzen duen espetxe politika baten aurpegirik kurdelenetarikoa da”, adierazi du. Apirilean Basauriko espetxetik Navalcarnerokora (Madril) urrundu zuten Iparragirre.

Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna kendu ondoren, etxean dago preso.Tomeren kasuan, prostatako minbizia atzeman zioten iazko urtarrilean, eta abenduan birikietakoa zuela esan zuten. Baina erregimen berezian segitzen du, Murtzia I (Murtzia) espetxean.

“Etorkizunari esperantzaz begiratzen dion jendartea izan nahi du gureak”, esan du Arantzamendik, eta, haren ustez, horretarako beharrezkoa da preso eta iheslarien gaiari konponbide adostua ematea. Horregatik, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatzeko, manifestaziora deitu dute datorren maiatzaren 31rako: “Pertsona hauek guztiak preso mantentzen dituzte: giza duintasunaren eskubide oro urratuz eta beren integritate fisiko zein moralaren aurka jokatuz”.

Gaixo dauden presoen zerrenda:

– Ibon Iparragirre, Ondarroa. Navalcarneroko espetxean (Madril).
– Inma Berriozabal, Elorrio. A Lamako espetxean (Galiza).
– Josemi Etxeandia, Larrabetzu. Topaseko espetxean (Salamanca).
– Txus Martin, Basauri. Zaballako espetxean (Araba).
– Aitzol Gogorza, Errenteria. Basauriko espetxean (Bizkaia).
– Ibon Fernandez Iradi, Lasarte-Oria. Lannemezango espetxean (Frantzia).
– Gari Arruarte, Hernani. Almeriako espetxean (Andaluzia).
– Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gasteiz. Villabonako espetxean (Asturies).
– Ventura Tome, Tafalla. Murtzia I espetxean (Murtzia).
– Iñaki Etxebarria, Iruñea. Topaseko espetxean (Salamanca).
– Josetxo Arizkuren, Iruñea. A Lamako espetxean (Galiza).